GURE AUZOA
Olaberriak iparraldean Behobia auzoarekin egiten du muga, hegoaldean Oiartzunekin, ekialdean Meaka auzoarekin eta mendebaldean Lapitze eta Ventas auzoekin. Bere izenak, ola berria esan nahi duenak, Santxoteneako errotaren ondoan zegoenari egiten dio erreferentzia eta, agian, uraren indar eragilea bere funtzionamendurako baliatu zuen Irungo lehen burdinola izan zen. Burdinola horren lekukotza idatziak 1500. urtekoak dira. Haren garrantzia handia izan behar izan zen, Irunen zenbat ola edo errota zeuden kontutan izanda, Olaberriko burdinola horrek inguru guztiari eta haran osotik igarotzen den ibaiari ere izena ematea gertaera sintomatikoa baita.
Auzo honetan ondo definitutako bi eremu nabarmendu behar dira: landakoa eta hirikoa. Lehenengoan, autobideko zubitik haratago, baserriak, errota zaharrak, bordak eta gero eta sakabanatuagoak eta elkarrengandik bananduagoak diren beste eraikin batzuk daude. Perujaran, Santxotenea, Bekoerrota, Paraisu, Estebenea, Mendiondo, Iguiñiz, Legabide, Aramburu edo Zamora bezalako izenak nabarmentzen dira. Guztiak auzoko baserri historikoen izenak dira. Horietako batzuk oraindik zutik daude eta birgaitu egin dituzte. Beste batzuek beren izenak hartu dituzten eraikin berriei utzi diete lekua.
Hiriguneari dagokionez, azpimarratu behar da Irungo alde zaharraren zatirik handiena Olaberriarena dela, Jesus, Larretxipi, Contracalle, Peña, Eliza, Eskolak, San Martzial edo Urdanibia plaza bezalako kaleak barne, non Sancho de Urdanibia ospitale zaharra dagoen, gaur egun udal euskaltegi gisa gaitua.
Nabarmentzeko moduko beste elementu bat familia horren jabetzako Arbelaiz Jauregia da. Horietako kide batzuk Erregearen Mezulari Nagusiak izan ziren, eta askotan Espainiako eta atzerriko errege-erreginen eta titulu nobleen ostatua izan zen hiritik igarotzean.