Kontaktua

“URTE BATEAN BAKETA BAT HAUTSI NUEN, ETA BOTA ORDEZ, KANTINERARI OPARITZEA BURURATU ZITZAIDAN, OROIGARRI GISA”

Javier Grande Mangas, danborren ataleko kidea

30 urte daramatza konpainian danborra jotzen, eta 2011tik, Alardea amaitzen den bakoitzean, Javier Grandek oso erritu berezia egiten du: egun horretan desfilean erabili dituen baketak oparitzen dizkio urte horretako kantinerari.

– Nola hasi zenuen erritual hau, dagoeneko konpainiaren tradizio bihurtu dena?

Bada, 2011ko Alardean hasi zen dena. Desfilean baketa bat hautsi nuen danborra joz. Alardea bukatu nuen, eta bota beharrean, kantinerari oparitzea bururatu zitzaidan, oroigarri gisa. Horrela atera zitzaidan, naturaltasunez. Alexandrari, kantinerari, detailea gustatu zitzaion. Ordutik aurrera, San Martzial egun guztietan oparitzen ditut urte horretako kantinerari desfilatzeko erabili ditudan baketak.

– Urte horretan erosi eta desfilearen amaieran oparitzen dituzu…

Hori da, urtero erosten ditut baketa berriak, beraiekin entsaiatu eta desfilatu, eta San Martzial egunaren amaieran kantinerari oparitzen dizkiot.

– Detaile polita…

Bai, hunkitu egiten dira, eta ni ere hunkitu egiten naiz. Detaile polita dela uste dut, oroigarri gisa, egun horietan oparitzen zaizkien beste detaile asko bezala.

– Argazki eta guzti, urtero.

Bai, ilarako lagunak egiten dit, Álvaro Olasok. Eta, beno, urteak pasa eta gero, badauzkazu batzuk niretzat oso polita den une hori ere gogoratzeko. Badago jendea beti baketa berberekin ateratzea gustatzen zaiona. Niri, adibidez, gehiago gustatzen zait oparitzea. Duela urte batzuk hasi nintzen erritual txiki bat da, desfilatzen dudan bitartean jarraitu nahi dudana.