Kontaktua

BISITA GIDATU BERRIA OLABERRIAKO MUGA HISTORIKOETAN ZEHAR

 

Datorren ekainaren 3an izango da, Altamirako meategiak bisitatuko dira eta Estebenea Jatetxean bazkaria egongo da

Estebenea Jatetxea, Mugarriluze Alardearen Aldeko Emakume Elkartea eta San Martzial Alardeko Olaberria Konpainiak datorren ekainaren 3rako auzoko muga historikoetan zehar bisita gidatu bat antolatuko dute laugarren urtez. Urtero konpainiako kantinera hautatu ondoren burutzen den jarduera bat da, Olaberriako muga historikoetako zatiren bat eginez.

“Familia eta lagunekin egiteko ibilbide aproposa da. Gainera, auzoko historiari buruz gehiago jakiteko aukera aparta daukagu”, dio Mugarriluze Alardearen Aldeko Emakume Elkarteko presidentea den Amaia Jauregik.

Laugarren urte honetarako proposatzen den ibilbidea honako hau da: Urdanibia plazatik atera 9:30etan eta Ama Xantalen kaletik Dolores Salis eta San Jose Langilea hartu Txikillo baserrira iristeko. GI-3452 errepidea hartu (Olaberria-Bentas errepidea) autobideko zubiraino eta Arrillaran baserritik Altamirako meategietara eta Zubeltzuko dorrera igo. Gero, Uruneko Errotara jaitsi eta GI-3452 errepidetik Estebenea inguruan bukatu.

Nahi dutenek Estebenea Jatetxean bazkaldu dezakete 14:00etatik aurrera. Menua itxia da, 22,50 euro helduentzako eta 11,50 euro umeentzako. Estebenea Jatetxean erreserba egitea derrigorrezkoa da eta aurretik bazkaria ordaintzea.

“Ilusio handiarekin antolatzen dugun aktibitate bat da, jendea gustora egoten da eta guretzako hori ere pozgarria da”, adierazi du Olaberria Konpainiako kapitaina den Ramon Martiarenak.

Helduentzako menua (22,50 euro):

-Entsalada mistoa

-Kroketak

-Piper beteak

-Txerri-ukondoa / bakailoa saltsan (aukeratzeko)

-Postreak

-Kafea

-Ardoa-freskagarriak

Umeentzako menua (11,50 euro):

-Kroketak

-Txibiak

-Oilasko-bularkia patatekin

-Izozkia

-Ura-freskagarriak