Kontaktua

MUGARRILUZE ALARDEAREN ALDEKO EMAKUME ELKARTEA SORTU DA

 

 

Elkarteak San Martzialeko Alardea manten dadin eta ohitura zaharrak berreskura daitezen lan egingo du, batik bat Olaberria auzoari dagokionez

San Martzialeko Alardeak beste elkarte bat dauka duela egun gutxitik aurrera, emakume-elkartea da eta legez erregistratuta dago. Mugarriluze Alardearen Aldeko Emakume Elkartea da eta San Martzialeko Alardea ezagutzen dugun bezala mantentzeko eta zaintzeko lan egiteko asmoarekin sortu da. Gainera, kulturara eta folklorera lotutako ohitura zaharrak ere berreskuratu nahi ditu, batik bat, Olaberria auzoari dagokionez. 

Elkarte berria joan den urriaren 17an sortu zen eta Olaberriako Konpainiarekin estu jardungo du. Eusko Jaurlaritzak ontzat eman ditu haien estatutuak eta baieztatu egin du elkartea Euskal Herriko Elkarteen Erregistro Orokorrean izena emanda dagoela martxoaren 4ean. Gaur egun, 22 bazkidez dago osatua elkartea, horietatik 8 zuzendaritza-batzordea osatzen dutelarik. Nekazarien Etxean dute egoitza (Olaberria auzoa, 48). 

“Olaberriako Konpainiak antolatzen dituen jardueretan lagunduko dugu, hala nola, marrazki eta pintura lehiaketan, auzoko muga historikoetatik egiten diren bisitaldi gidatuetan edota argazki-lehiaketan, baina gure asmoa kulturara eta folklorera lotutako ohitura zaharrak ere berreskuratzea da”, adierazi du Amaia Jauregi elkarteko presidenteak.

Horrela, Mugarriluze Alardearen Aldeko Emakume Elkarteak bat egin du San Martzial Alardeko Aginte Batzordearekin eskuz esku lan egiten duten beste emakume-taldeekin, esaterako,  Emakume Irundarrak, Pagoki Emakume Elkartea edo GordeZAN-Anakako Emakumeak Kultur Elkartearekin.

“Gure kezkak eta helburuak partekatzen dituen emakume orok irekita dauka gure elkarteko atea. Gurekin harremanetan jar daiteke, mugarriluzeelkartea@gmail.com posta elektronikoaren bidez”, adierazi du Jauregik.